XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Zu bezalako jende asko balego ordenadore horien beharrik ez legoke esan zion andreak maleta hartuz.

Lotsa pittin bat sentitzen zuen esaldiaren arruntasunagatik.

Urrutira, geltokiaren angelu bateko pizzeriaren sarreran tabako makina bat antzeman zuen, Camel markaren marrazkia zeramana, eta geltokian sartu zenetik lehenengoz bere gartzela aurreko bizimodua berreskuratzen hasteko aukera ikusi zuen.

Halaxe gertatuko zen, behintzat, makina hartan bere tabako gogokoena bazegoen.

Izan ere, egia izan behar zuen Margarita bere lagunak despeditzerakoan esan ziona:

Gartzelara sartzean pertsona asko uzten ditugu atzean, eta baita gauza asko ere.

Eta pertsonek, jakina, azkar abandonatzen gaituzte, nahikoa dira bizpairu urte inor gabe geratzeko.

Gauzek, ordea, gehiago irauten dute, zain edukitzen ditugu hogei urte pasata ere, eta horixe da gu bezalako jendeak eduki dezakeen esperantza bakarra, gure lehengo gauzak aurkitzea.

Gure lehengo bota kanperoak, gure lehengo kikarak, gure zigarroak, liburuak, diskoak.

Hemendik atera eta gero, saiatu zure gauzak aurkitzen.

Asko lagunduko dizute.

Egunen batean, nik ere gauza bera egingo dut.

Pampara itzuliko naiz eta nire bota kanperoak bilatuko ditut.

Oroimeneko irudian, Margaritak barrez ematen zion bukaera arrazonamenduari.

Hirurogei urte inguru zeuzkan, eta zazpi urte zeramatzan entzerraturik.

Bere jatorrizko Argentinara itzultzeko esperantza askorik gabe bizi zen ordurako.